Next Euskadi
Alderdi Eguna 2021

Prentsa Aretoa

2021/03/17

Estebanek Grande-Marlaskari erreklamatu dio “jardunean jar dadila” Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko, agiriak zabalduaz eta Fiskal Nagusiari auzia berriz hastea eskatuaz

Kongresuan planteatu den interpelazioan, Euskal Taldeko bozeramaileak baieztatu duenez, 35 urte geroago “argi egiteko ordua” da, baita nafar gaztearen familiari zor zaion “egia eta erreparazioa” ematekoa ere

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, Barne Ministroari erreklamatu dio gaur “jardunean jar dadila”, 35 urte geroago, Mikel Zabalza gazte nafarraren heriotza argitu ahal izateko. Kongresuko osokoan, non Grande-Marlaskari interpelazioa planteatu dion, Estebanek ministroari erreklamatu dio agiriak irekitzea eta Estatuko Fiskaltza Nagusiari auzia berriro irekitzea erreklamatzea “egia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea gauzatu ahal izateko kide maitatu bat galdu duen familiarentzat, hori baita jaso ahal duen gauza bakarra: egia hori jasotzea, eraildako senide bat galdu duen edozein biktimari dagokion bezala”.

Hitz egiteko izan duen tartean, Estebanek Mikel Zabalzarekin gertatutakoa ekarri du gogora. 1985eko azaroaren 26an beste bost pertsonarekin atzeman zuten, Donostian egin zen operazio antiterroristaren ondorioz, eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Egun batzuk geroago, bere kideak libre utzi zituzten kargurik gabe eta fidantzarik ezarri gabe, baina Mikel Zabalzak desagertuta jarraitu zuen abenduaren 15ean Bidasoa Ibaian hilda aurkitu zuten arte. Estebanek gogoratu duenez “inork ere ez zuen sinetsi” orduan eman zen bertsio ofiziala, zeinetan iradokitzen zen Zabalzak ihes egin zuela eta ihesaldian hil zela, eta gogora ekarri ditu- eta gaurko saioan irakurri ditu- berrikitan egunkari batek atera dituen audioen testuak, zeinetan CESID-eko orduko koronel Juan Alberto Perotek eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibilak onartzen baitzuten Mikel Zabalza hil egin zela Intxaurrondoko kuartelean torturatua zen bitartean.

Estebanek aitortu du 80. hamarkadan, Euskadin, Poliziak “beldurra eta presioa” pairatzen zuela eta urtetan “isolamendua eta marjinazioa” eragin zitzaiela , eta ETAren jardun terrorista kondenatu du “ankerra eta basatia” izan zela nabarmenduz. Baina jarraian baieztatu duenez “horrek ez du esan nahi giza eskubideen urraketak legitimatu ahal direnik, kasu honetan eman zirenak bezalakoak, eta ezin da justifikatu jarduera horiek ezkutatzea edo ekintza horiek egin zituzten pertsonak jarrera akritikoarekin kosta ahala kosta defendatzea. Hori ez da zuzenbide estatua, hori ez da justizia eta hori ez da demokrazia osoa", nabarmendu du.

Estebanek deitoratu duenez Estatuko Fiskal Nagusiak, Imanol Landa EAJ-PNVko senatariak gai honi buruz egin zituen galderen aurrean “ez entzunarena egin zuen eta ez zuen ezer erantzun”, eta kritikatu du Marlaska Ministroak aitzakiatzat erabili zuen argudioa izan zela auzitegiak direla auziak berriro ireki behar direla erabaki behar dutenak, hala erabakitzen badute. Alderantziz, Euskal Taldeko bozeramaileak baieztatu du Espainiako gobernua duela “giltza”, Ministroen Kontseiluan erreklamatzeko “auzi honi dagokion dokumentazioa desklasifikatzeko”, eta Estatuko Fiskal Nagusiak auzia berriz ireki dezala. “Ez dizu EAJ-PNVk eskatzen (…) gizarte osoa da Gobernuari eskatzen diona egin beharrekoa egin dezala, auzi honetan argi egiten utz dezala” erreklamatu du, aldi berean azpimarratuz Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzional batean aho batez eta Maria Chivite Erkidegoko presidente sozialistak adierazpen hori bere eginez gertatutakoa ikertzeko eskatu dutela.

“Argi egiteko ordua da; ez du balio erantzukizuna beste esparrukoa dela esateak”, amaitu du Estebanek.

Next Euskadi
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua