Prentsa Aretoa

2025/07/07

Manu Ayerdiri 'San Fermineko zapia' jartzeko egin den ekitaldian zeregin "noble, zorrotz eta batzuetan esker txarrekoa" dela esanez aldarrikatu du politikagintza Nafarroako EAJ-PNVk

Napar Buru Batzarrak eta Iruñeko Uri Buru Batzarrak konpromisoa eta dedikazioa aitortu diote Ayerdiri Nafarroako EAJ-PNVk San Ferminetan egin ohi duen ekitaldian

rss Ezagutzera eman
Manu Ayerdiri 'San Fermineko zapia' jartzeko egin den ekitaldian zeregin

ARGAZKIA JAITSI

Manu Ayerdi Olaizola Napar Buru Batzarraren (NBB) presidente ohi, Nafarroako Foru Komunitateko presidente ohi,Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohi eta egun EAJren Aberri Batzarrean Nafarroako ordezkari denak jaso du gaur Nafarroako EAJ-PNV urtero ematen duen "San Fermineko zapia". Unai Hualde Iglesias Napar Buru Batzarraren presidenteak "dedikazio noble, zorrotz eta batzuetan oso esker txarrekoa" dela esanez aldarrikatu du politikagintza, Ayerdiri zapi gorria jartzeko egin den ekitaldian. Bertan izan dira Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) kideak, Aitor Esteban presidentea, Napar Buru Batzarreko (NBB) kideak, EBBko burukide ohiak, NBBko kideak eta Manu Ayerdirekin lan egin duten pertsonak .

Hala, ospakizunean izan dira besteak beste, Andoni Ortuzar (EBBren presidente ohia), Joseba Egibar (GBBren presidente ohia), Maria Solana (Hezkuntza sailburu ohia), Izaskun Bilbao Europako eurodiputatu ohia, Iñigo Ansola BBBren presidentea, Joseba Diez Antxustegi (Eusko Legebiltzarreko bozeramailea) eta Blanca Regúlez eta Javi Ollo legebiltzarkideak.

"San Fermineko zapia" ematearekin batera, Napar Buru Batzarrak eta Iruñeko Uri Batzarrak "Nafarroan Alderdiaren funtsezko erreferentea izan den eta den pertsona bat" aintzatetsi nahi izan dute, "bere ibilbide osoan eta bete behar izan dituen erantzukizunetan EAJ-PNVren baloreak gorpuztu baititu". Hala, Manu Ayerdiren ibilbide politikoa gogoratu nahi izan dute ekitaldian: Think Gaur prozesuan Nafarroako alderdiaren diskurtsoen modernizazioan ekonomia arloko burukide gisa bere ezagutzak eman zituen pertsonetako bat izan zen; Geroa Bairen erreferenteetako bat 2011-2015 legegintzaldian foru parlamentari gisa, orduan Nafarroa Bairen siglapean, bere zorroztasun, seriotasun eta zintzotasunagatik nabarmenduz gizarte, ekonomia, zerga edo gure balio abertzaleen defentsan sustatu zituen ekimenetan; NBBren presidentea 2012tik 2015era, eta punta-puntako ordezkaria Geroa Bai koalizioaren aldeko apustuan; eta Nafarroako Gobernuaren presidenteordea 2015etik 2021era, indar abertzale eta aurrerakoiak ostrazismotik Gobernu ardurak hartzera igaro ginenean”.

"Manu Ayerdik, Foru Gobernuaren presidenteordetzan eta Ekonomiaren Garapen Sailaren buru zela, klixe asko hautsi zituen, molde asko hautsi zituen, eta komunitate honen mundu ekonomikoak, merkataritzaren, turismoaren, komunikazioen eta garraioen munduak, urte haietan kudeatu behar izan zuenak, bere lana aintzat hartzea ere lortu zuen", gogorarazi du Hualdek. "Ez dute sekula lortu Manuk bere betiko irribarrea galtzerik. Nahiz eta une latzak bizi behar izan, hala nola 2021ean bidegabekeria handiaren bidez koalizio gobernutik atera arazi zutenean, horrek ondoren ekarri zuen ibilbide judizial bidegabearekin, zorionez konpondu dena. Harro egoteko moduko gauza da, hemen gauden guztiontzat. Eskerrik asko, Manu", adierazi du NBBren buruak.

Aitor Estebanek, bestalde, Manu Ayerdiren figura azpimarratu du, Nafarroako "erreferente" gisa deskribatu baitu. Hain zuzen ere, duela lau urte Foru Gobernuko presidenteorde eta kontseilari izandakoarekin gertatutakoa deitoratu du Estebanek, eta UPNren politika egiteko modua kritikatu du. "Hori ez da politika egitea, politika ez baita kosta ahala kosta boterea eskuratzea. Politikagintzan denak ez du balio” esan du Estebanek. Horren aurrean, EBBren presidenteak bestelako politikagintza aldarrikatu du: "Politika da sinestea eta haztea. Hemen, Nafarroan, 115 urte daramatzagu eta hemen jarraituko dugu. Ez gara ezkutatuko", esan du.

Mikel Aramburu Iruñeko Uri Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik nabarmendu duenez, "politikari guztiak ez dira berdinak", eta "zerbitzu publikoaren zeregina bizitza sozialeko nobleena izaten jarraitzen du, guztiz ezinbestekoa baita". "Horixe aitortu eta goraipatu nahi dugu, mendeurrena bete duen Alderdi honek Manurengan eta Manurekin gorpuztu duena; atzo, gaur eta beti demokraziaren alde eta faxismo eta neofaxismo guztien kontra, humanismoaren aldean beti, giza eskubideen alde eta indarkeria guztien kontra, zintzotasunez eta ustelkeria ororen kontra, gure herriaren zerbitzura, bere aurrerabide eta ongizatearen mesedetan”, adierazi du.

Manu Ayerdik bere esker ona adieraziz esan duenez “mundua aldatzen ari da, bai politikan bai ekonomian, gizartean eta demografian, eta daukagun guztia ezin dugu bermatutzat eman, ezta etorkizuna bermatuta dugula pentsatu ere”. “Baloreak funtsezkoak dira eta Alderdi honek, EAJ-PNVk, baloreak ditu”, esan du. Ondoren, gazteei hitz egin nahi izan die zuzenean “mundua konplexua da eta inork ez dizue ezer oparituko, baina esfortzuaren bidez, prestakuntzarekin eta zuekiko eta Herriarekiko balore eta konpromisoa badituzue, etorkizun distiratsua izango duzue”.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua