Prentsa Aretoa

2026/03/01

EAJ-PNVk Manuel Irujo omendu du Amaiurren, “Nafarroak XX. mendean eman duen erreferente politikorik handiena”

Euzkadi Buru Batzarreko eta Napar Buru Batzarreko burukideak izan dira gaur Amaiurko Gaztelua Fundazioak eta Amaiurreko herriak Irujoren figurari gorazarre egiteko antolatu dituzten ekitaldietan, eta Unai Hualde NBBren presidenteak gazteluko monolitotik aldarrikatu ditu alderdi jeltzaleak Nafarroan dituen “oraina eta etorkizuna”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Manuel Irujo omendu du Amaiurren, “Nafarroak XX. mendean eman duen erreferente politikorik handiena”

ARGAZKIA JAITSI

Manuel Irujo Ollo politikaria omendu du gaur EAJ-PNVk Amaiurren, “Nafarroak XX. mendean eman duen erreferente politikorik garrantzitsuena”. Euzkadi Buru Batzarreko eta Napar Buru Batzarreko burukideek Amaiurko Gaztelua Fundazioak eta Amaiurreko herriak antolatutako ekitaldietan parte hartu dute eta Gazteluko monolitoraino igo dira Nafarroako EAJren “oraina eta etorkizuna” aldarrikatzera.

NBBren eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek Gaztelua mendiko tontorretik adierazi duenez “Amaiurren gaude gure iragana eta gure historia gogora ekartzeko, baina baita gure oraina eta gure etorkizuna aldarrikatzeko ere. Nafarroako Erresuma Zaharraren azken Gaztelua defendatu zen toki honek memoria dakarkigu, gure herriaren askatasun eta autogobernuaren oroimena”. “EAJ-PNVren aldetik Nafarroan jarraitzen dugu gure nortasun ezaugarriak irmo defendatzen: gure hizkuntza, gure Foruak eta eskuduntzak, etengabe egiten zaizkien eraso eta higadura saiakeren aurrean”, esan du.

Monolitotik jaistean, ordezkari jeltzaleek Amaiurko Gaztelua Fundazioak eta Amaiurreko herriak memoria historikoa berreskuratzeko eta Manuel Irujo omentzeko antolatu dituzten ekitaldietan parte hartu dute. Patxi Agirreren monografia aurkeztu da ‘Manuel Irujo, Amaiur eta Nafarroako historia‘ izenburupean Amaiurko Gaztelua Fundazioak argitaratua, bai eta ‘Amaiur 1922. Harrizko Memoria. Memoria en piedra‘ faksimila ere. Halaber, Eñaut Elorrieta abeslariak bere giraren azken kontzertua eskaini du bertan. Azkenik, Unai Hualdek Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearekin eta erakundeetako beste ordezkariekin batera parte hartu du Gernikako Arbolaren kimuaren landatze ekitaldian. “Lur honetan bat egiten dute gaur gure Askatasunaren bi sinbolo nagusi: Amaiurko Gaztelua eta Gernikako Arbola. Gaurkoa egun handia da EAJ-PNVrentzat”, esan du Hualdek.

Manuel de Irujo Ollo Lizarran jaio zen 1891n. Jeltzale gisa bera izan zen “duela 90 urte bere balioak irmo defendatu zituen nafar, demokrata eta euskalduna". Diputatu aukeratu zuten Nafarroako Foru Aldundian 1921ean eta 1923an, eta ondoren Gorte Nagusietan Gipuzkoako diputatu 1931, 1933 eta 1936an. Gerra Zibilean, karterarik gabeko ministro izan zen Largo Caballeroren Gobernuan eta Justizia ministroa Negrinekin. Bigarren Errepublika garaian ere, erbestean, ministro izan zen (1945-1947) José Giralekin. Irujo, beraz, EAJ-PNVk Espainiako Gobernu batean izan duen ministro bakarra izan da, garai ilun hartan bizi zen egoera larriak behartuta. Erbestealdia amaitutakoan eta demokrazia berrezarri zenean, Irujo Nafarroako senatari aukeratu zuten 1977an eta 1981ean hil zen.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua