Prentsa Aretoa

2026/07/07

"Sanferminetako zapitxoa" ematearekin batera, Nafarroako EAJ-PNVk Iñigo Urkulluri aitortu nahi izan dizkio autogobernuaren mesedetan egin duen ekarpena eta euskal lurraldeen arteko elkarlanaren alde eman duen guztia

Napar Buru Batzarrak (NBB) eta Iruñeko Uri Buru Batzarrak sanferminetan egin ohi duen ekitaldian omendu nahi izan dute Lehendakari eta EBBren presidente ohia

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Urkullu Renteria eAtlantic Fundazioaren egungo presidenteak eta beste hainbat kargurekin batera Lehendakari (2012-2024), Euskadi Buru Batzarraren presidente (2007-2012), Bizkai Buru Batzarraren presidente (2000-2008) eta Eusko Legebiltzarrean Bizkaiko legebiltzarkide (1994-2007) izan denak, sanferminetako zapitxoa jaso du gaur Nafarroako EAJ-PNVk urtero egin ohi duen ekitaldian.

Unai Hualdek, Napar Buru Batzarraren presidenteak, Urkulluren ibilbide politikoa gogoratu du, bai eta bere integritatea eta herri ikuskera ere, Nafarroari etengabe eskaini dion babesa eta autogobernuaren mesedetan eta euskal lurraldeen arteko elkarlanaren alde egin duen lanaz gain. “Iñigo Urkulluk ordezkatzen ditu zintzotasunaren, leialtasunaren, zorroztasunaren eta seriotasunaren balioak, berez dituen etika eta balore gizatiarrak izateaz gain, gaur egungo politikagintzan derrigorrez aitortu behar ditugunak”, ziurtatu du NBBren presidenteak.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Euzkadi Buru Batzarreko kideak eta haien buru gisa Aitor Esteban presidentea, Napar Buru Batzarreko kideak eta Iñigo Urkullu lehendakaritzan eman zituen agintaldietan sailburu izan zituen kideak.

Omenaldian ere gogora ekarri nahi izan da Urkulluk Nafarroako EAJ-PNVrekin betidanik izan duen harreman ona, EBBren presidentetzatik zein Lehendakaritzatik, Geroa Bairen sorrerari emaniko babes eta bultzadarekin eta Think Gaur Nafarroa barne hausnarketa prozesuan izan zuen lidergoarekin, haiei esker ezarri baitziren ondoren erakundeetatik sustatu ziren politiketarako oinarriak, eta 2016. urtean Nafarroaren eta EAEren arteko lankidetza hitzarmena berreskuratzearekin.

“Urkullu Lehendakariari lehendakaritzan zegoela egokitu zitzaion 2015. urtean Nafarroan eman zen gobernu aldaketa bizitzea, Uxue Barkos buru zela Geroa Bairen eskutik aurrera eraman zena, eta 2026. urtean mugarri handia izan zen EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza-hitzarmena, hain zuzen ere. Gai horrek izugarrizko balio politikoa du. Hori bai dela euskal nazio proiektuari lehen mailako ekarpena egitea eta ez orain lezio emaile datozenek eginikoa, urteetan, Nafarroan eta gainerako lurraldeetan, beste batzuek eraikitzen zuten bitartean, suntsitu besterik egin ez baitute", adierazi du NBBren presidenteak.

EBBren presidente Aitor Estebanek bere aldetik goraipatu nahi izan du Urkullu lehendakariaren 50 urtetik gorako ibilbidea, bere “gorabehera eta eszisioekin” baina aldi berean gauza bat osorik gordez: “Euskadirekiko eta EAJ-PNVrekiko konpromisoa”. Hain zuzen ere, Estebanek ziurtatu duenez Iñigo Urkulluk “ presente jarraitzen du euskal solasaldi publikoan, zubiak eraikiz, oraingo honetan europar esparruan ere. Bizitza osoa ideia bati eman dionak ez baitio ideia hori defendatzeari uzten, kargua uzten duen egunean” eta nabarmendu nahi izan du 2012 eta 2024 urte bitartean lehendakari izan zenaren izaera “metodiko eta lasaia”. Estilo bat, “eroapen historiko bat”, gure erakunde propioak “behin eta berriz defendatzera eraman duena, memoriarekin, amore eman gabe baina presaka jokatu gabe”. “Ideia hori da”, esan du Estebanek “autogobernua urteen joanean ehuntzen dela, eta ez efektu kolpez”, eta hori da “gure Alderdiaren eta Iñigo Urkulluren ibilbidea gidatu duen berbera”.

Mikel Aramburu, Iruñeko Uri Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik azpimarratu duenez “Nafarroa toki oso berezi batean izan da beti Iñigo Urkulluren Herri ikuspegian, eta ez da sekula planteamendu uniformizatzaileetatik eraman, baizik eta mendeetan zehar partekatu ditugun historia, kultura eta harremanetan oinarrituta” eta ziurtatu du sanferminetako zapitxoa Urkulluri ematea dela “euskal abertzaletasun demokratikoaren eta autogobernuaren mesedetan egin duen ekarpena, erakundeen eta gizarte kohesioaren alde egin duen guztia eta indarkeria oro argi eta garbi eta aringarririk gabe gaitzetsi izana aintzatestea”.

Azkenik, Iñigo Urkulluk egin dioten aitortza eskertuz adierazi duenez “nire konpromisoa betidanik izan da Nafarroan EAJ-PNVren presentzia indartzea, EAJ-PNVren eta Nafarroaren artean dugun lotura gizartean aldarrikatzea, Nafarroaren beraren berezitasuna errespetatuz eta Euzkadiko lurralde guztien arteko loturak sendotuz”. “Herrigintza da gaurko lana, errealitate autonomiko eta foralean zein mugak zabalik dituen Europan oraindik arakatu gabe diren dinamiketan. Ernamuinetan dagoen ordenaren zain gaudela, Euroerregioak batzen gaitu. Makroerregio izateko asmoak bateratzen gaitu. Eredu ditugu 36. belaunaldiko haiek. Historiaren unerik konplikatuenean ere, hurrengo belaunaldiari beren legatua uzten jakin zuten emakume eta gizonak. Gidari izan beharko genituzkeen lau bertuteren isla izan ziren: proposatzaile, integratzaile, erreferentzia eta jokaeretan eredugarri izatea”, amaitu du.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!