Prentsa Aretoa

2017/06/17

Ortuzar: “Gure kargudunek Pirinioetako jardunari bultzada estrategikoa ematea lortu dute”

Talde jeltzaleko burua Unai Hualde NBBko presidentearekin eta Auritz-Burgueteko alkate Luis de Potestad Tellechearekin izan da EAJ-PNVk Nafarroako Pirinioetan egin duen ekitaldian

rss Ezagutzera eman
Ortuzar: “Gure kargudunek Pirinioetako jardunari bultzada estrategikoa ematea lortu dute”

ARGAZKIA JAITSI

“Turismo jasangarria eta iraunkorra Auritz-Burgueteko eta Pirinioetako sektore estrategiko bihurtzea da Nafarroako EAJ-PNVk duen helburu nagusienetako bat”. Andoni Ortuzar EAJ-PNVren EBBko presidentea NBBko presidente Unai Uhalderekin eta Nafarroako udalerri honetako alkate jeltzale Luis de Potestad Tellechearekin izan da gaur Nafarroako udalerri horretan EAJ-PNVko alderdikideekin egin den ekitaldian. Gaurko hitzorduan ordezkari jeltzaleek udal korporazioaren eskutik hurbiletik ezagutu ahal izan dute Auritz-Burgete udalerriak eta Pirinioetako eskualde osoak turismorako eskaintzen duen potentzial handia. Era berean ezagutu dute eskaintza nola hobetu den proiektu berriak abian jarriaz edo lehenagotik daudenak optimizatzearen bidez, hauen artean Lindus, Akelarreen Ibilbidea, Wellington ibilbidea, hilerria, eliza, Done Jakue bidea eta, nola ez, Iturissako erromatar hiria.

“Gaur egun, udaletik funtsak lortzeko lanetan ari gara azken egitasmo hau garatu ahal izateko. Irurissa ondare ikaragarria da, lur azpian dago eta oso garrantzitsua da Nafarroaren historia ondo ezagutzeko. Eskualde osoarentzat benetan ezinbesteko jotzen dugu Erromatar hiri hau Pirinioak zeharkatzen dituen galtzadaren barruan kokatuta dagoelako, hau da Longidako bailaratik Luzaideraino doan horretan” esan du alkateak.

Jarraian, `Lindus 2´ egitasmoa ezagutzera joan dira. Urte bete eta erdiko lana egin ondoren, martxoaren erdian europar funtsen bidez babestutako ekimen hau aurkeztu zen “Aldako hegaztiak, betirako aberastasuna” izenburupean. Proiektu honetan mugaz gaindiko estrategia bat jasotzen da Pirinioetako inguru guztien balioa azpimarratzeko eta Lindusen (Nafarroan) eta Organbidexkan (Akitania Berria) aldako hegaztiei jarraipena egiteko.

“Beste proiektu batzuei lotuta, egitasmo honek argi erakusten du ondo pentsatuta eta ondo kudeatuta dagoen turismoa, hementxe bertan, Auritzen egiten den bezala, garapen jasangarri eta iraunkorrari lagun diezaiokeela, eta horri lotuta enpleguak sor ditzakeela eta merkatal aukera berriak ekar ditzakeela turismo sektorearen benetako dimentsioen inguruko kontzientziazioa areagotzearekin batera, orain arte ohikoa izan baita sektore hori gutxiestea. Gure herri kargudunak asmatzen ari dira Pirinioetako jardunari bultzada emateko ekimen horretan” aldarrikatu du Ortuzarrek

Luis de Potestad alkateak era berean azaldu du eko-turismoan oinarritutako garapen estrategia bultzatu dela,hau da “pasoko turismoa naturarekin lotutako jarduerekin finkatzea”. “Argi eta garbi ikusten dugu Pirinioetako lurralde osoak, mugaren alde banatan kokatuta dagoenak, ondare natural paregabea eskaintzen duela, eta zalantzarik gabe hori ere bada gure aktiborik nagusienetako bat. Horren bidez, zerbitzuen sektorea suspertzeaz gain, lanpostu kualifikatuak sortzea bultzatu nahi dugu gure hiru bazkideen eskarmentua eta profesionaltasuna baliatuz,hau da: Gran Navarra, Seo Birdlife eta LPO”, gogoratu du.

Uxue Barkosen ekimenak Auritz-Burgueten

EAJren NBBko presidente Unai Hualdek bere aldetik azaldu du Nafarroan une honetan Toki Administrazioaren Erreformarekin egiten ari den lana “Auritz Burguete moduko herrietarako hainbat onura dakartzalako” eta aspaldiko partez udalerri txikiak eta geografikoki oso sakabanatuta daudenak lehenesten dituelako. “Era berean, Auzolanean lan egiten duten herriak lehenesten ditu, eta horixe da Auritzen kasua,hain zuzen” gogoratu du Hualdek.

“Behetik gora egiten ari den erreforma izateaz gain, toki erakundeekin urte bete luzean hainbat bilera egin ondoren, Uxue Barkosen gobernuak egitasmoaren zirriborroa aurkeztu du eta Geroa Bairen aldetik defendatuko dugu Udalen eskuduntza propioak zehazteko lana egin dadila, gure administrazioaren figura nuklearrak direlako eta herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak direlako” esan du Hualdek.

Bertan bildutakoek alkatearen eskutik izan dute Auritz-Burgueteko Suhiltzaileen parkerako erosi den ibilgailuaren berri.

‘Txikik’ berak azaldu duenez 40.000ko diru laguntza elurretako erreskaterako ibilgailua erosteko erabili dute, bereziki Auritz-Burgueteko Suhiltzaileek erabiliko dutena. “Batez ere Done Jakue bidean, Lepoederren egon ohi diren arazoei aurre egiteko”. Ibilgailua suhiltzaileen parkean dago jada eta “oso erabilgarria da eskualde osoarentzat eta iraganean elurte garaian izaten ohi ziren arazoekin amaitzen lagunduko du, bereziki erromesak galdu egiten direnean” amaitu du Luis de Potestad alkateak.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua
Jarrai iezaguzu Telegramen