Prentsa Aretoa

2018/05/29

EAJ-PNVk Nafarroarako planteatu zituen inbertsioek aurrera egin ez zezaten UPNk PPri egin dion xantaia salatu dute Estebanek eta Hualdek

Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak Iruñean azaldu du UPNk Ekonomia Hitzarmenaren eguneratzea arrazoi bategatik oztopatu eta atzeratu zuela: “konpromiso hura Rajoyren Gobernuari EAJk atera ziolako”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, eta Unai Hualdek, EAJ-PNVren Napar Buru Batzarreko presidenteak, Iruñean salatu dute gaur UPNk Partido Popularreko Gobernuari aurrekontuen negoziaketa prozesuan egin dion xantaia. “Boikot” honen sorburua dago “UPNk EAJ-PNVrekin daukan obsesioan”, eta horren eraginez “alderdi horretako buruek nahiago dute Erriberarako eta Nafarroarako inbertsioak sakrifikatu, soilik inbertsio horiek EAJk proposatu eta lortu dituelako”. Estebanek azaldu du UPN Mariano Rajoy mehatxatzera iritsi zela eta esan ziola 2018ko Aurrekontu osoari eman dion babesa kenduko ziola EAJ-PNVk Nafarroarako aurkeztu zituen zuzenketa biak onartzen bazituen: 1,5 milioi euro Tuterako herrigunearen birgaikuntza lanetarako eta 3 milioi euro Oroz Betelu eta Nagoren Itoizko urtegian egin behar diren lanak amaitzeko. “Espainiako Gobernuak amore eman zuen UPNk egiten zion xantaiaren aurrean eta Aurrekontuak arriskutan egon zitezkeela ikusita, EAJk zuzenketa biak erretiratzeko derrigorra ikusi zuen arduraz jokatu nahi zuelako. Baina erabaki horren atzean UPNren xantaia baino ez dago”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak. Estebanek eta Hualdek prentsa aurrekoa eskaini dute gaur Napar Buru Batzarraren egoitzan “UPNren horrenbesteko hipokresiarekin nazkatuta”, eta “argi eta garbi” azaldu nahi izan dituzte EAJk Nafarroarentzat negoziatu zituen inbertsioei UPNk behin eta berriz eginiko boikotak, Ekonomia Hitzarmena berritzeko akordioa bera ere arriskutan jarri eta atzeratzea lortu zutelarik.

UPNren interes partidistaren aurrean, Hualdek EAJ-PNVk aurrekontuen negoziaketan erakutsi duen erantzukizuna utzi du agerian. “Negoziaketa prozesu osoan, Madrilgo Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak oso presente izan ditu Nafarroaren interes orokorrak eta gure erkidegoarentzat hainbat inbertsio lortzeko egin nahi zuen ahalegina. Euzko Abertzaleak taldeak une oro babestu ditu Nafarroarentzat eskatzen ziren inbertsioak, UPNK aurkeztu dituen zuzenketak barne. Javier Esparzak lehengo egunean esan zuen Aurrekontu hauetan EAJk `egin beharrekoa´ egin zuela. Orain galdetu behar dena da: Esparzak eta UPNk, Madrilen dituzten diputatuek, Nafarroari komeni zaiona egin ote dute Aurrekontu hauetan eta aurrekoetan? Gure bost diputatuek eragozpen bakar bat ere ez diote jarri UPNk aurrekontuei egin dizkieten zuzenketei, Nafarroarako inbertsioak lortzeko izan direnean”.

Estebanek, negoziaketa prozesuaren gorabehera guztiak ezagutzen dituen aldetik, UPNren maniobra salatu du eta “doilorkeria” izena emateaz gain esan du “hainbat nafar herritar kaltetu dituztela”. UPN PP mehatxatzera iritsi den pasa den astean Aurrekontu osoa eraitsiko zuela esanez, pentsioen hobekuntza barne, baina baita Nafarroarentzako akordio guztiak, Moncloak EAJ-PNVk Foru Komunitatearen onerako proposatu zituen zuzenketako bakar bat onartzen bazuen. Horregatik ez dira aurrera atera EAJ-PNVk aurkeztu zituen zuzenketak. Gertatu denak, Estebanen esanetan, agerian uzten du “UPNk EAJ-PNVrekin daukan obsesioa”. Obsesio horren ondorioz “UPNko buruek nahiago dituzte Erriberarako eta Nafarroarako inbertsioak sakrifikatu, soilik proposatu eta lortu dituenak EAJ izan delako. UPNren zitalkeriaren aurrean EAJk arduraz jokatu du, Nafarroako hiritar guztien onbeharrez. Horren erakusle gisa, UPNk Nafarroarako proposatutako zuzenketa guztiak, guzti-guztiak, Euzko Abertzaleak taldeak babestu zituen. Eta denak aurrera atera dira, den-denak, EAJren babesari esker, guretzat garrantzitsuena delako Nafarroarentzat inbertsio onak lortzea eta ez nork proposatzen dituen”, salatu du.

Estebanek gaur azaldu du EAJ-PNVk orain arte “erantzukizunez jokatzeko” esan barik gorde duen gertakaria, baina gaur azaldu nahi zuen akordioa arriskutan ez dagoelako eta “horrenbesteko gezur eta amarrurekin nazkatuta gaudelako”. “Aurreko urtean UPN azken minuturaino saiatu zen oztopatzen Ekonomia Hitzarmena eguneratzeko prozesu barruan Nafarroak Estatuari egiten dion ekarpenari buruzko akordioa, eta beste eskuarekin Nafarroaren etorkizunerako ustez berebizikoak izango ziren akordioak saltzen zituen TAP eta Nafarroako kanalaren inguruan, konpromiso hutsaletan oinarrituta eta marketingera eta Nafarroako gobernuaren deserosotasuna eragitera bideratuta zeuden arren”.

Nafarroako Gobernuarekin Ekonomia Hitzarmenean egiten den ekarpena eguneratzeko eta aldi berean Eusko Jaurlaritzarekin Ekonomia Ituna eta Kupoa negoziatzeko momentu hartan, EAJ-PNVk hitzartu zuen akordio hura Gobernu Zentralak EAJrekin aurrekontuei buruzko negoziaketa barruan itxiko zuela: “EAJk ez zuen aldarrikatu akordio haren egilea zela, Nafarroarentzako akordio bikain hura arriskutan jarri nahi ez zuelako eta akordio hura Nafarroako oraingo Gobernuaren Ogasunak lideratu zuelako aurrekaririk ez duen lana eginez. Jeltzaleen seriotasunaren aurrean, UPNk jarri zituen oztopoengatik, Nafarroako Hitzarmenari buruzko akordioa ezin izan zen abendura arte itxi”, salatu du jeltzaleen bozeramaileak.

Amaitzeko, Hualdek Nafarroako hiritargoarekin partekatu nahi izan du “beste gertakari argigarri bat: UPNk 2018ko EAOetan jaso ditu berak gobernatzen dituen herrietan egingo diren lanak”, eta argi eta garbi erakusten du talde honen lehentasunak eta ardurak nondik doazen, teorian behintzat, foru lurralde osoko herri guztien egoeraz arduratu beharko lukeen arren. “Hori ere bada UPNren eta EAJren artean dagoen ezberdintasun handia. Partidismoa interes orokorren gainetik. EAJk Nafarroako hiritar guztien onbeharrez jardun du 2017ko superabitarekin inbertsio eta proiektu zehatzak egiteko, bat Itoitzen eta bestea Tuteran, eta guk herri horietan ez dugu ez alkaterik ezta zinegotzirik ere. Horrek argi eta garbi erakusten du bakoitzak zer Nafarroa nahi duen eta zer konpromiso duen”, esan du Hualdek.

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua