Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2020/11/25

Covid-19aren eta ukatzaileen garaian

2020ko azaroaren 25 honetan, Emakumearenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna delarik, orain arte bizi izan ditugun “azaroaren 25ak” ez bezalakoa da aurtengoa. Bi arrazoi nagusi daude, argi eta garbi adierazten dutenak non gauden eta norako bidea hartu behar dugun.

rss Ezagutzera eman
Covid-19aren eta ukatzaileen garaian

ARGAZKIA JAITSI

Lehen arrazoia, edo aurtengo lehen desberdintasun nagusia, COVID19-a da. Aldarrikapen egun hau biziko dugu mundu osoan zehar ematen ari den pandemian murgilduta, eta horrek ekarri dituen osasun krisiarekin eta krisi ekonomikoarekin. Krisi guztiek, arlo batekoak zein bestekoak izan, gogor kolpatzen dituzte mundu osoko emakumeak. COVID19-arekin bizi dugun hau, are gogorrago kolpatzen ari da genero indarkeriaren biktima diren emakumeak,ezarri behar izan diren osasun murrizketek eta itxialdiek, osasuna babesteko ezarri behar izan diren arren, halako indarkeria areagotzea ekarri dutelako.

Itxialdiak edo sasi-itxialdiak eragin du emakumeak eta beren seme eta alabak beren erasotzailearekin egon behar izatea ihes egiteko aukerarik gabe. Itxialdiak era berean areagotzen du emakume hauek pairatzen duten isolamendua, baliabide publikoetara jotzeko eta babes soziala edo familiaren laguntza jasotzeko aukerarik gabe,  emakumearentzat eta seme eta alabentzat horrek dakartzan arrisku fisiko eta psikologikoekin.

Halaber, krisi ekonomikoak eta baliabide ekonomiko propioak ez izateak  oso ondorio kaltegarriak dakarzkie emakumeei, zuzenean, lanposturik gabe geratzen direlako -ez baitugu ahaztu behar lanpostu prekarioak  direla lehenengo unean desagertzen direnak eta horietan,gehien bat, emakumeak ari dira-, edo zeharka, erasotzaileak direlako lanpostua galtzen dutenak. Bigarren kasu honetan, erasotzaileak lanpostua galtzeak ekarri ohi  du etxe barruan jarrera bortitz eta kontrolatzaileak areagotzea, indarkeriaren kiribila larriagotuz.

Aurtengo azaroaren 25a bereizten duen bigarren arrazoia dira emakumearenganako indarkeriaren ukatzaileak. Ez da gauza berria, gure gizarteko hainbat sektoretan jorratu da aspaldi honetan, oso bereziki azken krisialdi ekonomikotik hona. Neomatxismo izenarekin identifikatu  da eta bereziki indartu da azken bi urteotan, “negazionismo” hau argi eta garbi defendatzen duten alderdi politikoak atera direnez geroztik. Gainazalera irten direnean ikusgarri egin dira, presente daude gure eguneroko bizitzan, hedabideetan eta politikan, emakumearen kontrako indarkeria guztiak desagerraraztea helburu hamarkadatan egin den lanean denboran atzera egitera garamatzaten diskurtsoekin, politika publiko guztiak auzitan jartzen dituztenak, esparru guztietan gizonaren nagusitasuna   bermatzeko.

Emakumearenganako indarkeria estrukturala dela ukatzea; emakumeak emakume direlako erailak direla ukatzea; indarkeriaren kontrako legeak beharrezkoak direla ukatzea, emakumeenganako indarkeriarik ez dagoela defendatzeagatik; halako indarkeria gizonek baliatu ohi dutela eta halako indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko lana egiten dutenak kriminalizatzea dira beren argudioak eta jardun politikoa.

Baina, argi dago giza eskubideak ukatzen dituztenek, emakumeei bizitza oso eta duina bizitzeko eskubidea ukatzen dietenek  ez dutela lekurik gizarte demokratikoan. Gure jarrera politikotik aurrez aurre izango gaituzte beti, indarkeria mota guztien kontrako lana eginez, emakumeen kontrako indarkeriarik emango ez den gizartea eraikitzeko jardunean. Aurrez aurre izango gaituzte emakume eta gizonen arteko gizarte berdintzailea eraikitzeko lanean, hori delako emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko funtsezko elementua, eskura ditugun baliabide hezitzaile, ekonomiko eta sozial guztiak erabiliz , erakundeetan, elkarteetan eta kalean, eta ez dugu onartuko emakumeen eskubideetan atzera egiterik. Indarkeria matxistaren aurka atzerako pausurik ez, pausu bakar bat ere ez .

 

 Blanca Regúlez Álvarez, EAJ-PNVren Napar Buru Batzarreko Burukide eta Geroa Baiko Foru Parlamentari

 

Next Euskadi
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua