Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2022/11/26

EAJ-PNVren ordezkariak Álava Sareari Elizondon egin zaion omenaldian

Baztan bailarak gaur omendu ditu diktadura frankistatik ihesi zihoazenei Frantziara igarotzen lagundu zienen herrikideak. Beste omenaldi bat Álava Sareari, jarduera klandestino garrantzitsua izan zuen eskualdean

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren ordezkariak Álava Sareari Elizondon egin zaion omenaldian

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Napar Buru Batzarraren (NBB) presidente Unai Hualde Elizondon egin den ekitaldira joan da bailarako Udalak gonbidatuta,non Eusko Jaurlaritzak garai hartan sortu zuen sareko kide izan ziren bost pertsonak gogoratzeko eskultura inauguratu den. Alderdiko beste burukide batzuk eta Baztango Geroa Baiko zinegotzi diren Joseba Moreno eta Ruben Ziganda ere izan dira omenaldian. Halaber, omenaldian izan dira María Solana, Geroa Baiko foru parlamentaria, Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko enpresa politika, nazioarteko proiekzio eta lanaren zuzendari nagusia, eta Sabino Arana Fundazioko Iñaki Goiogana.

Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Joseba Otondo Bailarako alkateak hitz batzuk esan dituzte bertan, eta beste gauzen artean gogora ekarri dute emakume hauek askatasunaren eta demokraziaren defentsan egin zuten lan esanguratsua. Gaur inauguratu den eskulturarekin gogoratzen da bost herritarren lan nekaezina. Baztandar hauek izan ziren Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustín Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza.

Pertsona hauek guztiek osatu zuten Álava Sarea, Eusko Jaurlaritzaren eskariz Bittorik berak sortu zuena ihesi irteten ari ziren pertsonei laguntzeko eta babesa emateko eta, aldi berean, euskal Exekutiboarentzat espioitza lanak egiteko. Sareak oinarri sendoa zuen Baztanen eta handik hainbat tokitara zabaldu zen.

Álava Sarearen historia eta bere sorburua EAJ-PNVren baitan

2018ko maiatzaren 6an bete ziren 75 urte Luis Álava Sautu (EAJ-PNV) Madrilen 1943an fusilatu zutenetik. 1936tik 1940ra bitartean Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizon eta emakume talde bat zuzendu zuen zeinak preso eta erbesteratuen eta beren familien aldeko askotariko lanak egiten zituen, aliatuentzat espioitza lanak egiteaz gainera. Sarea deitu zuten bere buruaren abizenarekin, eta berrogeita hamar kide inguru izatera iritsi zen. Sare honetan lan egiten zuten nekazariek, langileek, Administrazioko langileek, apaizek “emakumeek”, Euskadiko eta Nafarroako herritarrek, bataz besteko 40 urteko adinarekin. Luis Álava zen nagusiena, 49 urte baitzituen. Dena dela, sarea benetan egituratu zutenak lau emakume abertzale izan ziren: Bittori Etxebarria baztandarra (EAJ-PNV), Itziar Mugika eta Delia Lauroba gipuzkoarrak eta Tere Verdes bizkaitarra.

Geroago, Espainiako eta Alemaniako poliziak Frantzia okupatu zutenean Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan aurkitu zuten informazioaren bidez, 1940ko ekainean, sarea desegitea lortu zuten. Berrogeita hamar bat kide atxilotu zituzten 1940-1941ko neguan eta 21 epaitu egin zituzten. Auziperatutakoen heren bat Nafarroakoa zen, hauen artean Bittori Etxeberria Agerrebere. Baina taldean ere bazeuden Agustín Ariztia, Esteban Etxeberria, Rafael Goñi, Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola (Napar Buru Batzarraren presidente ohi José Antonio Urbiolaren aita) eta Rafael Gómez. Azkenik, auziperatu zituzten 21 kideen artetik, Luis Álava izan zen heriotza zigorrera kondenatu zuten bakarra.

Next Euskadi
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua