Prentsa Aretoa

2017/09/01

Ortuzar: “Ezker Abertzalea ondoan izan zein ez eta aurrez-aurre izanda ere, EAJk enpleguaren, bizikidetzaren eta autogobernuaren alde lan egingo du”

Catalunyako erakundeek “herria hautestontzietara deitzeko” behar besteko zilegitasuna dutela aldarrikatu du EBBko presidenteak, eta “begirunea” eskatu du Catalunyan eta Euskadin hasitako bideen aurrean, “ezberdinak diren arren, gure nazioenganako maitasunak elkartzen gaitu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ezker Abertzalea ondoan izan zein ez, edo aurrez-aurre izanda ere, EAJk aurrera egiten jarraituko du. Guk badakigu gure herriaren lehentasunak zein diren: enplegua, bizikidetza eta autogobernua; eta lehentasun horiek lantzeari ekingo diogu. Lehentasun horiek Euskadin ireki dugun aldi politiko berri honen agenda politikoa izan daitezen saiatuko gara”. Hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur, Zarautzen, EAJ-PNVk aldi politiko berriari hasiera emateko egin duen eta 500 bat lagun batu dituen ekitaldi politikoan zabaldu duen mezua. Mitin berean hitz egin dute Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eta Jokin landa Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakariak. Bertaratuen artean izan dira Eusko Legebiltzarreko presidente andrea, Bakartxo Tejeria; Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente andrea, Eider Mendoza; Zarautz eta Donostiako alkateak, Xabier Txurruka eta Eneko Goia, hurrenez hurren; Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia, Jon Darpón, Bingen Zupiria, Beatriz Artolazabal eta Cristina Uriarte sailburuak, eta EAJ-PNVko hainbat herri eta barne kargudun. Ekitaldi berean izan da Catalunyako gobernuko bozeramaile eta conseller Jordi Turull, eta Ortuzarrek EAJ-PNV osoaren elkartasuna eta adiskidetasuna adierazi nahi izan dio duela aste bete eskas Bartzelonan eta Cambrilsen erregistratu ziren erasoen aurrean. “Catalunyarren ondoan gaude. Ondoan izan gaituzte beti eta berdin jarraituko dugu. Oraingo honetan Bartzelonan eta Cambrilsen izan dira, lehen Hipercor, Vic, Roses eta zuen Nazioko beste hainbat herri izan ziren. Oraingo honetan, ustez, fede baten alde izan da, lehenago, ustez ere, Euskadiren alde izan zen. Berdin da. Inork ez du aurkituko basakeria horiek guztiak justifikatuko dituen arrazoirik. Catalunyarren ondoan gaude, geure egiten dugu ‘No tenim por’ oihua”, adierazi du jeltzaleen buruak.

Zarautzen, Euskadik turismo alorrean duen eskaintzaren erreferenteetako batean, Ezker Abertzaleak uda honetan “probetxu politikoa ateratzeko helburuarekin” abian jarri duen kanpaina “lotsagarria” kritikatu nahi izan du Ortuzarrek. “Ezaugarri izan dute munduan gertatzen den okerrena kopiatzea, eta oraingo honetan Catalunyako CUPekoek Bartzelonan eginikoan fijatu dira. Baina Bartzelonan eta Euskadin turismoak bizi duen errealitateak ez dira berdinak, ez dute zerikusirik; ezin dira jokoan jarri gure artean ostalaritza sektorean ogibidea duten milaka pertsonen lana eta ogia, ezta Herri honek nazioartean duen izen ona”, gaitzetsi du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruaren aburuz Ezker Abertzaleari “denbora agortzen ari zaio. Ezin dute gehiago jarraitu Peter Panen sindrome horren pean, hau da, heldu gabe, nartzisista hutsa izanik eta arauetatik kanpo daudela pentsatuta. Ezker Abertzalea sindrome horren adibide argia da: beti lorez lore, istiluz istilu, borrokaz borroka; beti erantzukizunetatik eta arazoetatik ihes eginez. Errealitatetik ihes egiten jarraitzen dute beren errealitatea gustatzen ez zaielako”. Dena dela, Ezker Abertzaleak “norabidea aldatzea eta haztea” desiratu du Ortuzarrek. “Nahiago genuke beraiekin kontatzerik bagenu Naziogintzari ekiteko eta Euskadi indartsuagoa eta hobea egiteko. Hori da abertzaleok dugun lana. Ezker izenaren ondoren daramaten abertzale izenlagunetik zeozer geratzen bazaie, Podemosekoei soslai begiratzeari uzten badiote, ELAri beldurrik ez badiote,Herri honen alde lan egin nahi badute, hona hemen gure eskua luzatuta. Gure artean dauden ezberdintasun guztien gainetik, gu prest gaude beraiekin hitz egiteko, kolaboratzeko eta lan egiteko”.

Ortuzarrek EAJ-PNV Madrilen egiten ari den lana aldarrikatu du. Lan honek hainbat onura ekarri ditu Euskadirentzat baina, hala ere (edo, agian, arrazoi horregatik) “espainiar erradikalek eta euskal esker erradikalek” kritikatua da. “Madrilen arpilatzaile deitu gaituzte eta hemen batzuek kolaboratzaile esan digute. Ez bata ez bestea. Gu abertzaleak gara. Abertzaleak gara, gure Aberriaren alde egiten dugu eta Herri honen onerako egon daitekeen guztia ekartzen dugu. Gure ardura Euskadi da. Eta berdin jarraituko dugu. Agirrerengandik ikasi genuen, Ajuriagerra, Irujo eta Arzalluzengandik. Eurek irakatsi ziguten euskal herritarren gaiak erabakitzen diren lekuan egon behar dugula. Infernuan ere bai. Eta bide beretik jarraituko dugu” baieztatu du.

Ortuzarrek aldi berean ekarri du gogora Catalunyan une honetan bizi den ‘procés’ politikoa, eta argi baino argiago hitz egin du EAJ-PNVk gai horren inguruan duen irizpidea azaltzeko orduan. “Catalunya, Euskadi bezala, Nazioa da. Aitortua izan behar duen eta eskubide politikoak dituen Nazioa da. Catalunyar herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du eta legean tresnak egon badaude eta egon behar dute bere erabakia ezaguna izan dadin eta errealitate bihurtu ahal izan dadin. Guk uste dugu Catalunyako erakundeek beren herria hautestontzietara deitzeko behar besteko zilegitasuna dutela. Hiru uste horiek- nazioa dela, erabakitzeko eskubidea duela eta erakunde propioek zilegitasuna dutela- Catalunyarentzat ditugu eta Euskadirentzat ere bai. Gu ere Nazio bat gara, gure etorkizuna erabaki ahal izatea aldarrikatzen dugu eta euskal erakundeetan baino ez dugu jartzen bide horretan gidatzeko erantzukizuna. Inork gure jarreraren inguruko zalantzarik badu,uste dut ezin daitekeela argiago hitz egin” baieztatu du jeltzaleak, aldi berean hilaren 11n Bartzelonan Diada egunaren kariaz egingo diren ospakizunetan izango dela iragarri duelarik. Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea burukidea osatuko dute ordezkaritza jeltzalea. “Hantxe egongo gara catalunyar herriari gure errespetua eta elkartasuna adierazteko”, esan du. Era berean, Ortuzarrek begirunea eskatu du catalunyar eta euskal erakundeek hasitako bidearentzat, berdinak izan ez arren elkarren artean kontraesanetan ez daudela argi utzirik. “Catalunyak bere bidea dauka, guk geurea. Garrantzitsuenak elkartzen gaitu: gure Nazioarenganako eta gure Herriarenganako maitasunak eta, horri lotuta, gure etorkizuna erabakitzea geuri dagokigulako uste sendoak. Uste dut gure ‘Zazpiak Bat’ maitatuak amets izateari utzi diola eta,apurka-apurka, errealitate bihurtzen hasia dela.Benetan uste dut merezi duela egiten ari garena egiten jarraitzeak. Eta uste dut euskal herritarren gehiengo nagusi batek hasitako bideari ekitea eskatzen digula” amaitu du jeltzaleen buruak.

Joseba Egibarrek, GBBko presidenteak, ekitaldian parte hartu du baita ere eta, esan duenez, Madrilen agintzen ari den gobernuaren ahuldadearen pean egoteak suposatzen duen “labirinto politikotik” atera egin behar dugu. “Boterea gure esku edukitzeko behar diren benetako mekanismo guztiak behar ditugu eskura, euskal herritarren arazoak konpondu ahal izateko; estatus berria behar dugu. Ez da kapritxoa, beharra da”. Horixe izan da Joseba Egibarrek egin duen hitzaldiaren ideia nagusia. Hori dela eta, Catalunya hizpide izan du GBBko buruak. “Catalunyak duen auzia, gure auzia da, bi naziok estatu bera dugulako aurrez aurre; eta Catalunyan egongo bagina, euskaldun askok baiezko botoa emango genuke erreferendumean”. Bertan zegoen Catalunyako gobernuko bozeramale den Jordi Turulliri esan dio, “zuena  nazio auzia delako” berretsiz.

Euskadiri buruz, berriz, Egibarrek esan du, sinetsita dagoela “euskal nazioa eraiki beharra dagoela”. Eta gogorarazi du, orain dela urte eta erdi EAJ-PNVk utzita duela Legebiltzarrean autogobernua eguneratzeko bere proposamena. “Eta nahikoa da batzuen eta besteen batuketari begirada ematea, kontzeptu batzuk Legebiltzarreko zati garrantzitsu batek bermatzeko modukoak direla konturatzeko, esate baterako, subjektu politikoaren aitortza, erabakitzeko eskubidea eta ariketa hori adosteko proposamena, besteak beste” azpimarratu du. “Herri baten, herrialde baten proiektuaz ari gara, zehatza, ez iheskorra” zehaztu du, “estatus berri bati buruz ari gara hizketan, hainbat boterek osatu duten labirinto horretatik atera behar dugu nahi eta nahi ez, Espainiako estatuak autonomia estatu deritzon horretatik atera behar dugu”. Horren harira esan du, “Alderdi Sozialistak badaki autogobernu Ponentzian eskuak libre ditugula bakoitzak bere jarrerak garatzeko”. “Guk ahalik eta adostasun handiena lortu nahi dugu, baina betorik gabe, ez dadila gertatu Legebiltzarrean 9 (PSE) gehi 9 (PP), 18 legebiltzarkideko baturak 57ren – Ganbarako %76a - gainean betorako gaitasunik edukitzea, Kongresuan eta Senatuan gehiengoa direlako.” “Printzipio demokratikoaz ari gara  hizketan, eta legeak lagundu egin behar dio, ez alderantziz, ez utzi engaina zaitzaten” bukatu du.

 

Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua