Prentsa Aretoa
2025/03/29
EAJ-PNVk Europar Batasunaren alorrera eraman nahi du Euskadiren naziotasun aitortza
Izaskun Bilbao Barandica `Euskadi nazio Europan´ tituluko txostenaren lanketarako koordinatzaileak gaur goizean eman ditu ezagutzera Batzar Nagusiak onetsi duen agiri honen ardatz nagusiak, datozen urteotan talde jeltzalearen jarduketa politikoa gidatuko dutenak
Euskadiren naziotasun aitortza Europar Batasunaren esparrura igotzea; euskal nortasunak ezaugarri dituen elementuak berritzea, gure gizartearen aniztasuna aitortzeko eta babesteko; demokrazia hobetzeko asmo handiko programa planteatzea; garapen sozialarekin batera doan garapen ekonomikoarekiko konpromisoa eustea, zeinak euskal gizartearentzat ongizate gizartea bideragarri egingo baitu; eta elkarrizketaren alde egitea, pragmatismoarekin eta akordioen bidetik, esandako horiek helburu guztiak lortzera begira. Esandako horiek dira `Euskadi nazio Europan´ izenburua eman zaion txosten politikoaren zutabe nagusiak , zeina gaur goizean EAJ-PNVren Batzar Nagusiak Atano III pilotalekuan egin duen saioan onetsi baitu. Txosten honen lanketan koordinatzaile lanak egin ditu Eusko Legebiltzarreko presidente ohi eta Eurodiputatu ohi Izaskun Bilbao Barandicak. Bera izan da jeltzaleen organo gorenaren aurrean agiri hau aurkeztu ondoren hedabideei azaldu diena.
Batzar Nagusiak adostu duen txostenak gogora dakar Europan ematen ari dela egun nortasun, burujabetza, Nazio edo Estatu kontzeptuen inguruko eztabaidarik aberatsena eta osoena, behin eta berriz egiaztatuta geratu baita kontzeptu horien eboluzioa guztiz ezinbestekoa dela Europa sendoago bat eraikitzeko, mundu osoan eragile global gisa jarduteko gaitasuna baitu. Testuinguru horretan eta Estatu egituren garrantzia baztertu gabe, jeltzaleen txosten honek aldarrikatzen du iraganeko eredua mimetikoki ez klonatzea, eta defendatzen du Ekonomia Itunaren eta Ekonomia Hitzarmenaren aitortza Europan, aldi berean nabarmenduz lankidetza mekanismoek, makroerregioek, bide interesgarriak irekitzen dituztela alor horietan berritzeko. Azkenik, gaur onetsi den testuak berritu eta indartzen du Europako Parlamentuan babestu zuen europar araudi proposamenarekin talde jeltzaleak adierazi duen konpromisoa, bere ibilbide orritzat aldarrikatzen baitu Europa mailan autodeterminazio eskubidea egikaritzeko. Halaber, berritze politikorako ariketatzat jotzen du, batasunaren egituretan integratzeko ahalmena duelako eredu autonomistetatik egungo Estatu kideen baitan prozesu baketsuetatik aterako diren Estatu berrietarako jauzia eginez.
EAJ-PNVren txosten politiko berriak bultzatzen du, halaber, euskara eta gure kultura gero eta gizarte anitz batean integratzeko elementu gisa sustatuko dituen euskal nortasun berritua. Gizarte horrek gure sinesgarritasun sozial eta ekonomikoa balioesten du eta gehiengo handi batez babesten du Euskadi subjektu politiko gisa aitortzea. Euskadik Nazio gisa duen bideragarritasunarekiko konpromisoak oinarri du EAJ-PNVk euskal hiritargoarekin hitzemanda daukan kontratu soziala berritzea, oraina eta etorkizuna ezezik ekonomikoki eta sozialki garatzeko gaitasuna duena, gure autogobernu ahalmen guztiak baliatzeko prest.
Era berean, agiriak EAJ-PNVri ezartzen dio euskal demokrazia hobetzeko zeregina. Horretarako, Batzar Nagusiak adostu du jeltzaleen lan politikoa oinarrituko dela pragmatismoan, elkartasunean, itunean, negoziaketan, aniztasunaren errespetu eta aitortzan eta Giza Eskubideen bermean. Horretarako, EAJ-PNVk uko egin dio eztabaida politikoan polarizazioa erabiltzeari eta desinformazioa borrokatzearekin batera bultzatuko ditu entzute aktiboa, hurbiltasuna, gardentasuna eta hiritarren parte hartzea, gure komunitatea indartzen laguntzeko.
Azkenik, egoera geopolitikoari dagokionez, Batzar Nagusiak ondorengo testua onartu du: “Eragile zahar eta berrien artean baliabide naturala eskuratzeko, beren posizioei eusteko eta horietatik baztertuak ez izateko ematen ari den borroka mehatxua da orain arte ezagutu dugun eredu klasikoan oinarritutako nazioarteko harremanetarako. Fenomeno horrek eragin ditu Errusiak Ukrainaren kontra egin duen erasoa edo Ekialde Ertainean gorabidean dagoen ezegonkortasuna, aldi berean hainbat fronte irekitzea eragin duela. Horien artean palestinar herria Gazako zerrendan sufritzen ari den giza eskubideen urratze justifikaezina, Kurduena edo Siria eta Libanon ematen ari dena, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ezagutu ez diren pertsonen mugimenduak barne”.
Nabarmenak...
Nafarroa
2025/04/01
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Europako Legebiltzarra
2024/05/18