Aberri Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/03/29

Makroerregio Atlantikoa, Diaspora eta sare diplomatiko sendoa zabaldu beharra, EAJ-PNVk nazioartera begira zabalduko duen estrategiaren ardatzak

Oihane Agirregoitia eurodiputatuak, `Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa´ txostenaren lanketan koordinatzaile izan denak, IX. Batzar Nagusian onartu den hirugarren agiriaren lerro nagusiak azaldu ditu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Egungo egoeran, gatazka berriak sortzen eta tentsio geopolitiko gero eta handiagoak pizten ari direla, gerra hibridoen eta desinformazio-kanpainen garaian, lehiakortasuna galtzearekin batera ziurgabetasuna eta polarizazioa areagotzen eta polarizazioa eta blokeen arteko dinamikak aldatzen ari direla, EAJ-PNVren IX. Batzar Nagusiak gaur goizean onartu duen "Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa" txostenak jasotzen ditu hurrengo ziklo politikoan EAJ-PNVren nazioarteko ekintza eta estrategia politikoa gidatu behar duten hiru ardatzak, Europan eta munduan indarra eta presentzia irabazteko: Makroeskualde Atlantiko bat sortzea; Euskal Diaspora Euskadiren garapenean eragile aktibo gisa inplikatzea; eta gure herriaren posizionamendu globala bultzatzeko potentzial diplomatikoa baliatzea.

Lehenik eta behin, euskal proiekzioa munduan hobetzeko potentzial diplomatikoa, kulturala zein ekonomikoa, baliatzearen garrantzia azpimarratzen du jeltzaleen agiriak, eta EAJ-PNVk berresten du Euskadik euskal herritarrei eragiten dieten erabakiak hartzen diren nazioarteko foro guztietan ahots propioa izateko duen konpromisoa. Horrek esan nahi du, ordezkaritza diplomatikoa izateaz gain, sareak eta aliantza berriak sortu eta hedatu beharko direla.

Era berean, dokumentuak planteatzen du Euskadik dagoeneko jorratzen duen lan-sareak sendotzen jarraitzea, euskal lurralde guztien arteko lankidetza areagotuz, "Zazpiak bat" kontzeptua indartzeko;  bai eta Makroeskualde Atlantiko bat sortzea, Portugal, Espainia, Frantzia eta Irlanda bezalako eskualdeek eta estatuek osatuko dutena, lurralde- eta ekonomia-kohesioa indartzeko aukera paregabea eskaintzen duelako, garraioan, energian eta digitalizazioan mugaz gaindiko loturak indartzeaz eta Erresuma Batuarekiko harremanak kapitalizatzeko posizio pribilegiatua emateaz gain.

Jeltzaleen erabaki organo gorenak onetsi duen  agiriaren hirugarren ardatz nagusiak Euskal Diasporaz hitz egiten digu. EAJ-PNVk hitzematen du haren zeregina berriz definitzea eta bere potentziala aprobetxatzeko politikak eta programak moldatzea. Horretarako, Euskal Etxeen gaurko eredua gainditzea proposatzen du, topagune soil izateari utz diezaioten eta Euskadiren garapenean eragile aktibo bihur daitezen, nazioarteko euskal lobby bihurtuz, askotariko esparrutako euskaldunek osatua, munduko area ezberdinetan eragina sortuz, konponbide berritzaileak identifikatuz eta garapen ekonomiko eta sozialari lagunduz.

Oihane Agirregoitia eurodiputatuak, txostengileen koordinatzaile gisa, agiriaren lerro nagusiak azaldu ditu. Bere hitzetan, txostenak  jasotzen du Euskadiren Nazio izaeraren aldarrikapena, EAJ-PNVren bokazio europazalearen berrespena, askotariko errealitateak errespetatzetik eta aitortzetik eraikiko den Europa Federalaren defentsa, subsidiariotasun printzipioa errespetatuz. Era berean berretsi egiten du Europar Batasuna handitzearen alde dagoela, betiere Estatu kideek estandar demokratiko zorrotz eta irmoak betetzen badituzte.

Onetsi den txostenean jasota dago munduko ordenean bizi dugun paradigma aldaketa, eta erronka multzo bat identifikatzen du, Errusiak Ukrainaren kontra hasi zuen gerratik hasita Ekialde Hurbilean gorabidean dagoen ezegonkortasuneraino, Afrikako gatazkak eta Europak garrantzia ekonomikoa eta protagonismo politikoa galtzea barne hartuz. Nazioarteko  testuinguru konplexuan, populismo eta totalitarismoen gorakada ahaztu gabe, testu jeltzaleak nabarmentzen du Euskadi Europarekin eta munduarekin konektatzen duen lotura direla eta izan behar direla nazio gisa ditugun baloreak, justizia soziala, giza eskubideak, nortasunekiko errespetua eta demokrazia.

Azkenik, agiriak berresten du Europa egun eramaten ari den trantsizio hirukoitzarekiko konpromisoa (energetikoa, teknologiko-digitala eta soziala), derrigorrezko zeregintzat jotzen baitu inbertsioak erakartzeko, Euskadiren lehiakortasuna finkatzeko eta belaunaldien arteko loturak indartzeko, biztanleriaren zahartzea ematen ari den gaurko egoeran, gauzak dauden moduan  belaunaldien erreleboa bermatu gabe dagoelako.

 

Denboralea Bahia Blancan. UNIÓN VASCA. Lagun diezaiogun Euskal Etxeari.
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua