Prentsa Aretoa

2006/04/26

Nafarroa prozesua oztopatzeko inork ez erabiltzea espero du Barkosek

Uxue Barkos Nafarroa Bai-ren diputatuak adierazi duenez, "erabat ziur" dago une honetan "inork" ez duela nafarren borondate politikoa "bortxatu" nahi. Horrenbestez, azkenaldian zabaldu den eztabaida "politikoki zentzugabea" dela eta "une honetan soberan" dagoela esan du.

rss Ezagutzera eman
Uxue Barkos Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin bildu da gaur goizean, Gobernuko presidentea ETAren su-etenaren ostean egiten ari den bilera-sortaren baitan. Barkosek esan du ez duela Alderdi Popularraren jarrera ulertzen eta batez ere Miguel Sanz Nafarroako presidenteak agertutako jokabideak "tristatzen" duela azpimarratu du.

Gauzak horrela, norbaitek Nafarroa bake prozesua "oztopatzeko" erabili nahi izateak asko kezkatzen duela adierazi du. Su-etenaren inguruan izan diren harreman ofizialetan Nafarroa ez dela mahai gainean jarri nabarmendu du Barkosek.

Berretsi duenez, Nafarroa Baik ez du "inoiz" onartuko Nafarroaren estatus politiko-juridikoa "Nafarroako gizon eta emakumeen borondatearen gainetik edo kontra" aldatzea. Gai honen harira, bai bilera aurretik bai ondoren, "lasai" dagoela esan du.

Bestalde, Nafarroako presidentearekin biltzearen komenientziaz hitz egin dio Barkosek Zapaterori, eta adierazi duenez, Gobernuko presidenteak Sanzekin biltzeko asmoa dauka, baina oraindik ez dago datarik balizko batzar horretarako.
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua