Prentsa Aretoa

2006/12/29

Erkorekak UPNko diputatuei enboskatuen modura ez aritzeko eskatu die, baldin eta beren ekimenek Euskal Taldearen babesa izatea nahi badute

Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, Josu Erkorekak, berretsi du gaur Iruñean EAJ-PNV beti egon dela Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak AHTren finantzaketa-eredu bera izatearen alde. Era berean, UPNko diputatuek «enboskatu gisa jokatu» dutela Senatuan zuzenketa aurkeztuta kritikatu du.

rss Ezagutzera eman
Erkorekak UPNko diputatuei enboskatuen modura ez aritzeko eskatu die, baldin eta beren ekimenek Euskal Taldearen babesa izatea nahi badute

ARGAZKIA JAITSI

Erkorekak ondokoa adierazi du: «Atsegin ematen digu UPNk gure urratsak jarraitzeak eta PNVren estrategia gai honetan erreferentzia gisa erabiltzeak». Era berean, UPNko diputatuei, PPren diziplinan integratuta daudenei, eskatu die enboskatu gisa ez jokatzeko Senatuan zuzenketa aurkeztuta, Aurrekontu Orokorrak ia konprometituta daudenean. «Politikan ere emandako hitza bete egin behar izaten da, eta guk ezin dugu aldez aurretik hartutako aurrekontu-hitzarmena hautsi enboskatu batzuek Senatuan zuzenketa aurkezten dutelako», esan du. 

Parlamentuko bozeramaileak hala egin zien ihes UPNk egindako kritikei, EAJ-PNVk alde horretatik Senatuan aurkeztutako zuzenketa babesik gabe utzi ostean. Erkoreka harrituta agertu da: «PPk zortzi urte gobernuan eman zituenean, UPNk berebiziko aukerak zituen bat zetorren gobernuarengan eragiteko; ez du halakorik egin, eta ez du AHT bezalako azpiegitura handirik, ez eta hura finantzatzeko biderik ere». 

Euskal Taldeak Nafarroaren eta EAEren zerga-erregimenak aplikatzeko eta defendatzeko aukera bat bera ere ez duela galdu gogorarazi ostean, ondokoa adierazi du Erkorekak: «PPren diziplinan integratutako Nafarroako diputatuek izango dute Euskal Taldearen babesa, baldin eta Talde Popularrari buruan sartzen badiote beren agenda politikoetan trenbide-inbertsioak egin behar dituztela Nafarroan, eta Nafarroa interesgarria dela nahasmena ez den beste auzi batzuetarako». 

Bozeramaile nazionalistak Estatuko Aurrekontu Orokorrei egindako bi zuzenketak ere jakinarazi ditu; Euskal Taldearekin izandako negoziazioen ostean eginak eta Nafarroari dagozkionak, hain justu: 3 milioi euro Lizarrako Zentro Teknologikorako eta 800.000 euro eremu ez euskalduneko ikastolak finantzatzeko: Lodosa, Irunberri, Tutera eta Biana.
 
Bestalde, Nafarroako EAJ-PNVren presidente Jose Ángel Agirrebengoak presidenteen hurrengo konferentziari egin dio erreferentzia, bai eta Miguel Sanz presidenteak egindako adierazpenei ere. 

Adierazpen haietan, Sanzek esan zuen Agirrebengoak «entzun, ikusi eta isildu» besterik ezin izango duela egin aipatutako hitzaldian. «Elkarrizketa maila horrekin, ulertzen dugu Nafarroako inbertsioak direnak izatea; bai orain, bai Espainiako Gobernuak PP zegoen garaian», adierazi du Agirrebengoak. 

«Miguel Sanzek gobernatu egin beharko luke, eta ez Nafarroako elkarbizitzan nahastea eta konbultsioa sorrarazi, Foru Komunitatea arriskuan dagoela behin eta berriz baieztatuz», adierazi du buruzagi jeltzaleak.
«Arriskuan dagoen bakarra —amaitu du— kolore bakarreko bere eredua eta Nafarroako bere botere-eredua dira, bereziki Nafarroa Bai bezalako indarra sortu ostean».
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua