Prentsa Aretoa

2007/01/03

Imaz: “Batasunari dagokio ETA desarmatzea”

Josu Jon Imaz EBBren lehendakariak adierazi duenez, “EAJk jarraitu egingo du aldarrikatzen Batasunari dagokiola ETA desarmatzea eta hau dela bere balio erantsirik handienetakoa, bere hautes-ordezkaritzaren gainetik, PSE edota PSNri dagokien bezala, aldi honetan, Estatuaren gobernuan agintean dagoen alderdia ordezkatzea, edota EAJri darion bezala, bere erdigunetik, Euskadin gehiengo politikoak osatzeko gaitasuna”.

rss Ezagutzera eman
Agiri osoa

Buruzagi jeltzaleak gaineratu duenez, “Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du inoiz onartuko ETAren inposaketa totalitariorik, indarkeriaz eta mehatxupean helburu politikoak ezarri nahi duen inposaketarik. Eta beti jalgiko gara hiltzaileen, erailtzaileen eta gizartearen borondatearen gainetik euren jarrera inposatu nahi dutenen kontra”.

“Ez suetenaren hasierak eta ez bere haustura ere ez dute funtsean aldatu Euzko Alderdi jeltzaleak bakegintzaz eta normalizazio politikoaz duen jarrera. Gure 2005ko urriaren dokumentuak indarrean jarraitzen du era batez zein bestez” azaldu du baita Imazek.

Eta, hemetik aurrera zer?

EBBren lehendakariak “lehentasuntzat eta baztertezinezko” helburutzat “herri honen bakea” adierazi du. “Euskadi solidarioa eta integratua eraiki nahia bakez eta askatasunez baino ezin baita lortu”.

Josu Jon Imazek hiru helburu nagusi azpimarratu ditu “egoera larri honen aurrean”. Batetik, bakea eraiki dezaketen faktoreak “berreskuratu, sendotu eta indartu”. Batez ere, “euskal gizartearen bakearekiko konpromisoa eta indarkeriarekiko hil a la biziko gaitzespena”.

Bigarrenik, “euskal autogobernuarekiko” konpromisoa. “Bai euskal nazio nortasunaren sustatzea eta erakunde-finkatzea dakartzalako eta baita ere bortizkeriaren legitimazio etiko eta politikorik eza eragiten duelako”.

Amaitzeko, Imazek hirugarren helburu bat adierazi du; “nonahiko eta nolanahiko hitzaren eta elkarrizketa zibilizatuaren defentsa, hitza eta elkarrizketa baitira ekintza politikoaren alboratu ezinezko tresnak”.
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua