Prentsa Aretoa

2010/02/08

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Abenduak 3, Xabierko Frantzisko deunaren eguna izateaz gain, hots, Nafarroaren Eguna izateaz gainera, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu, duela jada 60 urte, 1949an Eusko Ikaskuntzak hala izendatu zuenetik.

rss Ezagutzera eman
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

ARGAZKIA JAITSI



Agerikoan den arren, hainbatetan, testuinguru politiko jakinetan, behar baino beharrezkoagoa bilakatzen da gisa honetako ospakizunak egitea, nazioarteko organismoen adierazpenak baliatzea, argi eta garbi eta ozenki adierazteko euskaldunok, komunitate euskaldunak, hizkuntzaren defentsan, normalizazioaren alde egin ohi dituen aldarrikapenak zilegi direla, ez dela kasketaldia.

Desagertzeko arriskua duten hizkuntzei dagokien UNESCOren programaren arabera, hizkuntzak gizakiok gure ideiak, sentimenduak, ezagutzak, memoriak eta baloreak komunikatzeko dugun tresna nagusienetako bat dira. Batera, hizkuntzak kultura espresioen eta kultur ondare inmaterialaren funtsezko ardatzak dira; aipatutako horiek dira, aldi berean, norbanakoen zein talde ororen identitate elementu oinarrizkoak. Gauzak horrela, munduan aniztasun kulturala babeste aldera ezinbestekoa da desagertzeko arriskua duten hizkuntzak babestea. 2003ko hitzarmenak adierazten duenez, bizirik den ondare kulturalaren transmisioan eta espresioan hizkuntzak funtsezkoak dira.  Ahozko tradizio eta espresioei dagokienez, hizkera kultur ondare inmaterialaren bektore bat baino askoz gehiago da, bere esentzia bera da.

Euskara Nafarroako hizkuntza propioa izateaz gain, euskal kultur identitatearen oinarria eta ardatza da. Nafarroako EAJ-PNVk sustatu Think Gaur Nafarroa 2020 hausnarketa prozesuaren baitan argi asko dugu gure honetan euskara sustatzea eta euskaldunon egoera normalizatzea berandu baino lehen egin beharreko gu guztion ardura eta eginkizuna dela. Horren alde lanean ari gara eta horretan buru-belarri jarraitzeko asmoa dugu.

Zentzu honetan egun daukagun egoeraren aurrean, hots, egun Nafarroan oro har euskarak eta euskal komunitateak bizi duen unearen aurrean gure kezka adierazi nahi dugu, bidenabar salatuz behin eta berriz Nafarroako Gobernuak eta beste eragile politiko zein bestelako askok egiten duten euskararen erabilera politikoa.  Horrek gogotik kezkatzen gaitu eta horren ondorio diren politiken kontra agertu gara egun arte. Kritikatu dugu Euskararen Foru Legeak 23 urte bete eta gero, eskualde mistoan lau udalerri berri sartu izana izatea eman den aldaketa edota aurrerapauso bakarra. Batera, izugarri kezkatzen gaitu, izutzen gaitu berez, gobernu honek euskal komunikabideekiko hartu dituen neurriak, edota neurri ezak, horietako asko ekonomikoki erabat itoz. Utzikeria eta interes falta salatu behar dugu EITBrekin gertatzen ari dena ikusita, Nafarroako Gobernuaren jarrera lotsagarria eta onartezina. Jarrera horrexek ere ahalbidetu du egun, Iruñerria osoan euskaraz emititzen duen irrati bakarrak lizentziarik gabe jarraitzea. Euskalerria Irratiaz ari gara, jakina.

Nafarroako EAJ-PNVtik argi eta garbi adierazi nahi dugu Nafarroan euskararen normalizazioa lortzearen alde lanean jarraitzeko gure konpromiso tinkoa (arlo orotan, esaterako hezkuntzan, non egunotan onartzear diren Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez nafar ikastolentzako 2 milioi euroko dirulaguntza lortu berri dugun).  Egunetik egunero mundu gero eta globalizatuago batean bizi gara; kultur identitateak globalizatu zeta unibertsalizatuz doaz. Egun, inoiz baino argiago dugu gure kultur ondare propioa merezi bezala baloratu eta sustatu beharra dugula, betiere aniztasun kulturalaren errespetu osoa testuinguru.

Think Gaur Nafarroa 2020 - Kultura eta Euskara Taldea

Nafarroako EAJ-PNV

Iruñea, 2009-12-2
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!