Prentsa Aretoa

2026/05/13

Nafarroako EAJ-PNVk ostiralean gogoratuko du José Manuel Goikoetxea “Fardel”en ibilbide politiko, instituzional eta pertsonala

Ekitaldirako sarrera librea ezarrita dago Iortia Kultur Etxeko edukiera bete arte, eta 18:30etan emango zaio hasiera. Mahai inguru batean partekatuko dituzte omenduaren bizipenak, historia eta memoria

rss Ezagutzera eman
Nafarroako EAJ-PNVk ostiralean gogoratuko du José Manuel Goikoetxea “Fardel”en ibilbide politiko, instituzional eta pertsonala

ARGAZKIA JAITSI

Nafarroako EAJ-PNVk ostiralean egingo du José Manuel Goikoetxea Askorbe, “Fardel”, omentzeko eta gogoratzeko ekitaldia. Hitzordua maiatzaren 15ean izango da, 18:30ean, Altsasuko Iortia Kultur Etxean. Mahai inguru batean laburbilduko dituzte Nafarroako euskal abertzaletasunak azken hamarkadetan eman duen figurarik esanguratsuenetakoaren bizipenak, historia eta memoria.

Ekitaldiak sarrera librea du edukiera bete arte, eta 2012ko irailaren 11n 61 urte zituela hil zen Goikoetxearen ibilbide politiko, instituzional eta pertsonala aitortu nahi du, "Una calle en Ancud" liburua ardatz hartuta. Liburu hori Jon Goikoleak, Luis Miguel Maciasek eta Luis Javier Telleriak idatzi zuten.

Mahai-ingurua Jon Goikolea kazetariak berak gidatuko du, eta honako hauek hartuko dute parte: Erkuden Goikoetxea, Jose Manuelen arreba; Luisja Telleria, Eusko Jaurlaritzako Ingurune Naturaleko zuzendari izandakoa; Iñaki Txueka, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu eta bozeramaile izandakoa, Madrilgo Euskal Taldeko diputatua eta Estrasburgoko Europako Kontseiluko ordezkaria; Javi Ollo, egungo Altsasuko alkatea; Patxi Tuñón, Comptos Ganberako presidente ohia, Nafarroako senatari autonomiko ohia eta Goikoetxearen aholkularia Foru Parlamentuan; eta Kepa Rekakoetxea, Bultz-Lan Consultingeko arduraduna. Unai Hualde EAJ-PNVko Napar Buru Batzarraren lehendakari eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak itxiko du.

Altsasun 1951n jaioa, José Manuel Goikoetxea albaitaritzan lizentziaduna zen, ezkonduta zegoen eta lau seme-alaben aita zen. Bere ibilbide publikoa 1980ko uztailean hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuorde gisa, eta erantzukizun hori 1988ra arte bete zuen. Urte horretan bertan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburu izendatu zuten, 1995era arte.

1991. urtetik aurrera ardura horiek uztartu zituen Altsasuko alkatetzako lanekin. Bertako alkate izan baitzen 1995. urtera arte. 1999. urtean foru parlamentari aukeratu zuten EAJ-PNVren koaliziotik, eta eserleku horretan jarraitu zuen 2003. urtera arte. 1987. urtean EAJ-PNVko alderdikide egin zen eta 2004an Nafarroako ordezkari izendatu zuten Alderdiaren Aberri Batzarrean eta ardura horiek bete zituen 2012ko urtarrilera arte.

2003an lan publikoa utzita, enpresa munduan aritu zen Bultz-Lan enpresako gerente gisa eta Iparlat esne enpresako kontseilari delegatu gisa. Aldi honetan hainbat proiektu jarri zituen martxan Txilen, lan eskerga egin baitzuen Chiloé irlako bizi baldintzak hobetzeko eta irlako garapen jasangarria bultzatzeko, esnearen sektorean, Surlat enpresa martxan jarriz, zein nekazal turismoaren esparruan.

Nafarroako EAJ-PNVko ordezkariek aditzera eman dutenez, ekitaldi honen bidez Goikoetxea omendu nahi izan dute “etxean, Altsasun, omenaldi bat zor geniolako, aberriarekiko, herriarekiko eta ordezkatu zituen herritarrekiko konpromisoa” aldarrikatuz eta lan hau “zorroztasun osoz eta lan nekaezina eginez” egin zuela azpimarratuz. “Ekintzaile petoa izan zen, gizaseme saiatu eta arduratsua; dozenaka proiekturekin konprometituta bizi izandakoa, bere ahalegina hurkoaren zerbitzura jarriz”, ezarri dute.

IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua