Prentsa Aretoa
2006/02/22
EAJk pozez hartu du Pirinioetako autobiaren alorrean zuhurtasuna nagusitu izana eta autobiak egun duen trazatua Eusko Alderdi Jeltzaleak duela gutxi planteatu duen alternatibaren arabera hobetzeko lanari ekin diezaiola eskatu dio UPNri
NBBren lehendakari José Ángel Agirrebengoak eta IBBren lehendakari Ramuntxo Camblongek pozez hartu dute gaur Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Nagusiaren lehendakari Jean-Jacques Lasserrek egin duen iragarpena, zeren eta hark esan duenez, egungo trazatua hobetzearen aldeko apustua eginen baita, eta Pirinio mendietako alde biak bat eginen dituen autobia berria taxutzeari uko eginen baitzaio. "Gure iritzian, Nafarroaren onerako, UPNk berehala ekin beharko dio egungo N-135 errepidea hobetzeari, duela gutxi iragarri genuen proposamenarekin bat etorriz", adierazi du Agirrebengoak.
Nafarroa eta Iparraldeko Buru Batzarren lehendakariek gogorarazi dutenez, "Eusko Alderdi Jeltzaleak hasieratik esan zuen, proiektuaren xedea Pirinio aldeko biztanleen bizitza hobetu eta garatzea bazen, Nafarroako Gobernuak bultzatzen zuen egitasmo hori zeharo zentzugabea zela, eta C-80 ereduko bidea, N-121-A errepediearen antzekoa, egituratu behar zela, hau da, bi erreidun bidea, eta errei bat gehiago taxutu zenbait zatitan, ibilgailu astunetarako".
José Ángel Agirrebengoaren aburuz, "Nafarroako Gobernuak bi urte daramatza kea saltzen, Frantziako agintariek behin eta berriro ezetsi duten proiektua defendatzen. Gainera, proiektu horrek ez du jasotzen Frantziako agintarien laguntza ekonomikorik". Ildo horri jarraiki, "Pirinioetako autobiak inoiz ere ez du zentzurik izan, Pirinioetako haranen hobekuntzari dagokionean behintzat. Beste kontu bat da bide horren benetako interesa penintsulatik Europara doan trafikoa eta alderantzizkoa arin ibiltzea gura izatea; baina Nafarroako Gobernuak argitu behar duen kontua da hori".
Azkenik, “Nafarroako Gobernuak, berehala eta presaz, egungo bidearen trazatuaren hobekuntza bultza dezala” nahi du NBBren lehendakariak, “Nafarroan ez dadin laugarren kategoriako herritarrik izan, oinarrizko zerbitzuetara iristeko arazoak dituztenak, bide-sare ona eduki dezaten eta bide-sare hori, gainera, ekonomia, ostalaritza, garraio... arloetako garapena sortzen duena izan dadin".
Nabarmenak...
EBB
2026/03/01
Nafarroa
2026/02/14
Nafarroa
2026/01/16
Nafarroa
2025/12/17
Kongresua
2025/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























