Prentsa Aretoa
2006/04/28
Euzko Alderdi Jeltzaleak Miguel Sanzen Gobernuari exijitu dio Nafarroako Volkswagenen gatazkan duen erantzukizuna bere gain hartzeko
Napar Buru Batzarraren lehendakari José Ángel Agirrebengoak eta Senatuko Industria Batzordearen buru Xabier Albisturrek larritzat jo dute Nafarroako Volkswagenen ekoizpenaren zati bat Ekialdeko Europara eroango dela iragarri duen albistea, eta egoera horretan Nafarroako Gobernuak duen erantzukizuna bere gain har dezala exijitu dute.
Gaur goizean Senatuan eman duten prentsaurreko batean, Industria Batzordearen burua den Xabier Albistur senatari jeltzaleak adierazi du Volkswagenen erabaki hori dela-eta “industria arloan desinbertsio prozesua sendotzen has daitekeela, eta horrek kalte ekonomiko handia ekarriko liekeela herrialdeari eta Nafarroako gizarteari, Nafarroa betidanik industri inbertsiorako gune garrantzitsua izan arren”.
Bestalde, José Ángel Agirrebengoak esan duenez, egoera hau Foru Gobernuak itxurazko industri politika egitearen ondorio garbia da, zeren, enpresak instalatzeko diru-laguntzak eta lurzorua merke eskaini arren, ez baitu enpresak erakartzeko politika horrekin batera balio erantsia gehitzeko eta eduki teknologikoak areagotzeko industri estrategiarik garatu.
Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkarien aburuz, enpresako langileek eta industria laguntzaileak zalantzazko eta babesgabetasunezko egoera jasatea ahalbidetu du Miguel Sanzen Gobernuak. Horrezaz gainera, “ez du jakin erreakzionatzen; ez du jakin negoziatzen; ez dauka ez alternatibarik ez proiekturik Landabengo automozio-sektorearen jarduera sendotzeko”, adierazi du Napar Buru Batzarraren lehendakariak.
“Automozio-sektoreak lehiakortasuna eskatzen du, eta UPNren Gobernua eta Miguel Sanz ez dira gauza industri politikaren arloan lehiakortasun horri eusteko”, esan du José Ángel Agirrebengoa jeltzaleak.
Beraz, egoera horren aurrean, Euzko Alderdi jeltzaleak ondoko hauek exijitu dizkie bai Miguel Sanzi eta bai haren Gobernuari ere:
1. Egoera horren erantzukizuna bere gain hartu eta enpresarekin elkarrizketa zorrotza abiaraz dezatela, jasotako laguntza publikoei erantzun zuzena eman dakien elkarrizketa horren ondorioz.
2. Ekialdeko herrialdeetara lekualda daitekeen ekoizpenaren zatia berreskura dezatela, Volkswagenek teknologia arloan aurreratuagoa den modeloa, Nafarroak modelo hori ekoizteko lehiakortasun-egoera hobea eskaini ahal izango duena, sartzea negoziatuz.
3. Isolamendua eta geldotasuna albo batera utzi eta arazoak ukitzen dituen Autonomia Erkidegoekin eta Industria Ministerioarekin lankide jarduteko politika abiaraz dezatela, enpresarekiko negoziazioan izango duen posizioa sendotze aldera, Foru Komunitatean automozio-sektorearen industri ekoizpena indartzeko xedez.
4. Sindikatuekin hitz egiten has daitezela eta arlo horretan lankide jarduteko plana ezar dezatela, alde batetik Nafarroako Volkswagenen kokapena eta ekoizpen-mailak eta bestetik automozio-sektoreek ukitzen dituzten zuzeneko eta zeharkako lanpostuak sendotuko dituzten konponbideak bilatze aldera.
Nabarmenak...
EBB
2026/03/01
Nafarroa
2026/02/14
Nafarroa
2026/01/16
Nafarroa
2025/12/17
Kongresua
2025/11/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























