Prentsa Aretoa

2009/05/29

Nafarren identitate-sentimenduak eta Ikurren Legea eztabaidagai

Tuterako Nafarren Etxeak, Sabino Arana Fundazioak eta Udalbidek mahainguru bat antolatu dute, Álvaro Baraibar eta Peio Aierdi  irakasleek eta Iñigo Zabalza abokatuak parte hartuko dutelarik.

rss Ezagutzera eman
Álvaro Baraibar Nafarroako Unibertsitateko Historian doktoreak adierazi du ezen, "ikurrek, politikako kontu orok bezala, beti ez dutela gauza bera erran nahi izan.  Ikurrak, identitateak bezala, definitu, birdefinitu eta, denbora iragan ahala, aldatu egiten dira,  nahiz eta beti izan den sinestarazi nahi izan digunik gauzak betidanik direla berek dioten bezalaxe".

Álvaro Baraibarrek Sabino Arana Fundazioak, Tuterako Nafarren Etxeak eta Udalbidek Iruñean antolatutako mintegi batean parte hartu du gaur, mahaikide izan dituelarik Peio Aierdi UPNAko Soziologiako irakasle titularra eta Iñigo Zabalza abokatua. Sabino Arana Fundazioko gogoeta eta eztabaida tribunako koordinatzaileak, Jose Antonio Rodriguez Ranz, moderatu du mahaia.

"Nafarroa: ikurrak eta identitateak" ukan duelarik izenburu, elkarraldian Nafarroan nafartasunarekin bateratzeko dauden bi identitate-sentimendu nagusien bizikidetza aztertu da: bata euskaltasunerantz zuzendua, eta bertzea, espainoltasuna duena gune. Nafarroaren sinbologia ofizialari buruz ere hitz egin da (Nafarroako bandera, Nafarroako armarria, Nafarroako ereserkia), bai haren araupetzeaz eta bai ikurrek sorrarazi duten debateari buruz.

Baraibar irakaslearen irudiko, zehazki hark bere hitzaldiaren gunetzat Nafarroako kateen eta armarriaren esanahia hartu duelarik, "1910az geroztik -Nafarroako Foru Diputazioak Nafarroako Armarria eta Bandera xedatu zituen urtea- diskurtso desberdinak  egon dira bi ikur horien esanahiaren gainean".

Álvaro Baraibarrek adierazi du ezen, "Francok gerra zibilean lortutako garaipenaren eta 1936ko altxamenduan "Nafarroak egindako sakrifizioa"ri buruzko irakurketaren ondotik, kateak erabat atxikirik geratu zirela  frankismoak eraiki Nafarroaren irudiari". Kateak Islamaren kontrako lehendabiziko birkonkistaren ikur ziren eta ereinotzezko koroa, Francok 1937an Nafarroari emana, bigarren birkonkistaren ikur, hots: gerra zibilean komunismoaren eta separatismoaren kontra gauzatuarena". 

"Franco hil zelarik, Nafarroaren ikurrek demokratizatzea behar zuten. Frankismoko ikurrak ezabatzeko saioa (hasteko, Nafarroako armarritik ereinotzezko koroa kenduz)  ikurrinari buruzko debate bat bilakatu zen", nabarmendu du.

Eta erantsi, halaber, "hogeita bortz urteren buruan, 2003ko martxoan, Nafarroaren Ikurren Lege berri bat atera zelarik, aipatu legeak, zein nafar espazio publikoan ikurrinaren erabiltzea debekatzeko tresna politiko gisa prestatu baitzen, hain zuzen ere eta bitxiki frankismoaren ikurren kentzeko arraila ahalbidetu du, edo, bederen, ireki".

Historian doktoreak, bukatzeko, erran du, "kateek berez, ikur orok bezala, ez dioskutela ezer.  Haien esanahiaz denboran barna erran denak erakusten digu, ikurrek, politikan ia orok bezala, ez dutela beti erran nahi ukan gauza bera".

Bertze alde batetik, Iñigo Zabalza abokatuak bere mintzaldian bi gauza aztertu ditu: 1978ko Espainiako Konstituzioa aterea izanaz geroztik ikurrek (bandera, armarria eta ereserkia) antolamendu juridiko legezkoaren araupetze-xede gisa duten berezitasuna, eta agente arauemaile zenbaiten artean gertatu den bateratzea, Konstituziotik bertatik (4.2. art.) hasita, Estatu espainola bera, urriaren 28ko 39/1981 Legearekin, bai eta autonomia-legeria ere.

Zabalzak adierazi du ezen,"24/2003 Foru Legearen  helburu nagusia ez dela Foru Erkidegoko ikurren (bandera, armarria eta ereserkia) artatzea, baizik eta Nafarroako Foru Erkidegoa osatzen duten komunitate zenbaiten kidetasunaren sustatzaile diren bertze ikur batzuen aurka egiteko legezko arrazoia".

Azkenik, Peio Aierdi UPNAko Soziologiako irakasle titularrak bere hitzaldian nafar gizartearen bi identitateak deskribatu ditu, eta haiei buruz erran du, "lurrarekin berarekin identifikatzen direla (Nafartasuna)", eta nabarmendu du, "ez direla ahuldu, baizik nolabait egonkor eta aski erroturik dirautela".

Orobat, bi identitate-multzoek zenbait ideiari buruz dituzten jarrera eta elementu batzuk deskribatu ditu, hala nola: Foruen gaineko ideia; Nafarroa erregio gisa; Euskararenganako jarrerak; EAErekiko lokarriak; Euskal Herria ideiarekiko jarrerak, baita hori guzia  nafar biztanleriaren jokaera politikoan nola gauzatzen den ere azaldu du.

 

 

 
Alderdikidetu
Geroa Bai
Nafarroako Parlamentua
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!